Andueza baserria · Zur museoa
Kontaktua Web mapa Irisgarritasuna Lotura interesgarria
Aurkezpena
Eraikina
Bitxikeriak
Egurra
Museo didaktikoa
Beste gune kulturalak
Bestelako ekintzak
Kontaktua
CastellanoCatalá
www.zegama.net zegama@aldabe.com Egurra
     
Enborraren egitura   Enborraren egitura

Enborra, zuhaitzen egurrezko zurtoina da eta hainbat funtzio betetzen ditu:

1. Zuhaitzaren euskarria da, hau da, zuhaitza zutik eta tente mantentzea ahalbidetzen du..

2. Sustraietatik hostoetara eta hostoetatik sustraietara, ura, gatz mineralak eta elikagaiak garraiatzen ditu.

3. Elikagaiak gordetzeko biltegi moduan jokatzen du.

Hiru funtzio hauek betetzeko egitura berezia du enborrak. Enborrean 7 zati ezberdin bereiz ditzakegu:

Enborraren marrazkia bere zatiekin (azala, floema, cambiuna, zurgizena, zurgiharra, muina eta hazkuntza eraztunak).
 

Azala

Enborra inguratzen duen marroi-gris koloreko geruza da azala.

Zuhaitzak ingurune aldakorrean bizi dira, muturreko tenperatura hotz eta beroak, beste bizidunen erasoak…jasan behar izaten dituzte beste bizidun guztiok bezala. Animaliok, baldintza desatsegin hauei ihes egiteko gaitasuna dugun bitartean, zuhaitzak ez dute mugitzeko gaitasunik eta beraz, beste modu batzuk aurkitu behar dituzte beren burua babesteko. Beren burua babesteko modu bat azal gogor eta sendoa garatzea da.

Enborraren azala zelula hilez eratutako geruza bat da eta bere funtzioa, enborra kanpoko baldintza desatseginetatik (muturreko tenperaturak, suteak…) eta erasoetatik (intsektuen edota beste animalia batzuen erasoak esaterako) babestea da.

Itxura, kolore, lodiera ezberdinetako azalak topatuko ditugu egurraren museoko enborretan. Hala ere bada bat oso berezia dena, ea aurkitzen duzun!

Floema

Floema azalaren azpian kokatuta dagoen geruza mehea da. Hain mehea izanik, begi bistaz ezin dezakegu ikusi eta beraz, beharrezkoa da mikroskopioa ikusi nahi bada. Ehun hau osatzen duten zelulek hodi luze batzuk baliran jokatzen dute eta beren funtzioa hostoetan fotosintesi-prozesuaren bitartez sorturiko elikagaiak zuhaitzaren atal guztietara garraiatzea da. Zuhaitzarentzat floema oso atal garrantzitsua da, izan ere, bera kaltetuz gero, zuhaitzaren atalak elikagairik gabe geldituko lirateke eta beraz, hil egingo lirateke.

Cambiun-a

Cambiuna floemaren eta egurraren artean kokatzen den ehun fin bat da. Dakigunez, zuhaitzak altueran ezezik, lodieran ere hazten dira eta hori Cambiun-ari esker lortzen da. Beraz, cambiun-a, enborra loditzeaz arduratzen den ehuna dela esan daiteke. Ehun hori osatzen duten zelulak ugaltzearen ondorioz lortzen da enborra gizentzea. Ehunaren barrualdera kokatzen diren zelulek egurra sortuko dute eta kanpoaldera kokatzen direnek berriz floema.

Xilema

Xilema, egurrari ematen zaion izen zientifkoa da. Xileman bi atal ezberdin bereiz ditzakegu: Zurgizena eta zurgiharra.

Zurgizena

Kolore argia duen egurraren zatia da. Zelula biziz dago eratua eta bere funtzio nagusiena sustraiek jasotzen dituzten ura eta gatz mineralak hostoetaraino garraiatzea da.

Erlatiboki egur biguna eta hezea da eta beraz, egurraren zati hau da intsektu egur-jaleek gustuko duten zatia.

Zurgiharra

Kolore iluneko egurra da. Zurgizena osatzen duen egurra hiltzean sortzen den egurra alegia. Zurgizena hiltzean, egur horrek hainbat aldaketa jasaten ditu eta horren ondorio da besteak beste hartzen duen kolore iluna eta gogortasuna. Egur hau gogorra izanik, intsektu egurjaleek ezin dute jan eta beraz, arotzek benetan estimatzen duten egurra hauxe da.

Muina

Enborraren erdigunean kokatzen da eta lehenengo eraztunez inguraturik dago. Egur zaharrena denez, normalean pitzatuta agertzen da. Ehun bigun eta porotsu batez eratuta dago, beraz egur hau azkarrago usteltzen da. Denboraren poderioz muinaren zelulak erretxinaz betetzen eta lehortzen joaten dira.

Hazkuntza-eraztunak

Enborrean agertzen diren zirkuluak dira. Eraztun hauetako bakoitzak, urte bakoitzean zuhaitzak lodieran izan duen hazkuntza adierazten dute. Beraz, eraztunak kontatuz, zuhaitzaren adina jakin daiteke.

Eraztun guztiak ez dira berdinak, batzuk zabalagoak dira eta beste batzuk estuagoak. Hori, batez ere zuhaitzaren adinaren eta klimaren baitan dago. Zuhaitzak gazteak direnean gehiago hazten dira helduak direnean baino. Hori dela eta, enborraren barrualdeko eraztunak lodiagoak izan ohi dira kanpoaldekoak baino.

Klimari dagokionez, zuhaitzak gehiago hazten dira baldintza klimatiko egokiak badira, baldintza txarretan baino.

 
Basoa eta zuhaitzaren garrantzia

Basoa zuhaitzez osatutako ekosistema da, bere oinarrizko unitatea. Ekosistema batean, bizidun guztiek eta hauen inguruneak osotasun bat sortzen dute. Bizidun guztiak ekosistema honen menpe daude eta honen funtzionamenduan eta iraunkortasunean parte hartzen dute beraien onerako. Zuhaitzek, berez, ez dute basoa eratzen, pertsona talde batek herri bat eratzen ez duten bezala.

Zuhaitzak dira landareen munduan konplexuenak. Beste landareetatik 5 metro baino gehiago neurtzeagatik eta enbor nagusi bat izateagatik bereizten dira.

Ikusten dugunez, zuhaitzak oso garrantzitsuak dira gure basoen iraupenean. Honetan gai zuhaitzak oso onuragarriak dira, bai gizakiarentzat, baita planeta osoarentzat ere. Hona hemen zuhaitzek eskaintzen dizkiguten zenbait abantaila:

1- Baso asko dagoen eskualdeetan hezetasun handiagoa eta tenperatura goxoagoak izaten dira.

2- Euriaren eta haizearen abiadura moteltzen dutenez, zuhaitzek lurra babesten dute higidurari aurre eginez.

3- Zuhaitzak, gainerako landareekin batera, gure planetako birika dira, fotosintesiaren bidez oxigenoa sortzen baitute.

4- Animaliek basoa dute babesleku eta jantoki.

5- Zuhaitzek gure baldintzak hobetzen dituzte jolas eta atsedenleku aproposak eskainiz.

Zuhaitzen atal deigarriena: ENBORRA

Zuhaitz eta zuhaixkak zurezko enborra duten landareak dira. Ebakitako zuhaitz batean begiratuz gero, eraztunez osaturik dagoela dirudi. Eraztun bakoitzak urtebetean egindako hazkundea azaltzen digu, beraz, horiek zenbatuta zuhaitzaren adina zein den jakingo dugu.

Zuhaitzak aurreztuz

Zuhaitz batetik lortzen ditugun gauzak baloratzea beharrezkoa dugu. Aurreztea ez da zaila eta denon esku dago. Adibidez egurrezko tresnak, jostailuak, ontziak, kaxak,…berrerabiliz, edota paper birziklatua erabiliz.

Baina, hala ere, zer gehiagotan lagun dezakegu? Ba, zuhaitz bat landatzen, adibidez.

Zuhaitz baten landaketa

Zuhaitz edo zuhaixka bat landatu nahi denean zenbait gauza eduki behar dira kontutan. Lehenik eta behin, zuhaitz edo zuhaixka hori zertarako nahi dugun erabaki behar da; Hesi bat sortzeko, baserrian itzala emateko, mendian landatzeko, apaingarri izateko...Honen arabera jakingo dugu zein zuhaitz edo zuhaixka mota landatu.

Behin ze espezie landatu erabakitakoan, honoko pausoak jarraitu behar ditugu:

  • Hazitik bada
    Posible dugu, erosi beharrean, zuhaitz edo zuhaixkatik bertatik haziak hartu eta ereitea. Aukera hau haziak handi xamarrak direnean egitea gomendatzen da (gaztainondoa kasu). Aleak galdu egiten direnez, landatutako hazi guztiak ez dira irtengo. Haziak hartutako lekuan landatzea komeni da, inguruneari egokituta baitaude dagoeneko.
  • Inguruko landareetatik
    Inguruan dagoen landare gazte bat hartu eta guk nahi dugun lekuan birlandatu. Dohainik izango da eta ingurunera moldaturik egongo da. Aipatu, landare gazteenak aukeratzea komeni dela eta sustrai guztiak eraman behar direla.
  • Aldaxkatik edo beste adarretatik
    Espezie batzuk aldaxkatik ugal daitezke; adibidez sahatsak. Espezie bakoitzak era honetan landatzeko bere berezitasunak ditu, espezie batzuetan ezinezkoa delarik.
  • Mintegian erositako landare txiki batetik
    Hauek erosi egiten dira eta oraindik txikiak badira merkeago irteten dira. Erositako landare hauek hazkundea bermatzen dute, haziek ez bezala, baina hazitik ateratako landarea baino delikatuagoa da. Beraz, kontu gehiago izan behar da garraioan, landaketan eta lehenengo hilabeteetan. Haziaren jatorrizko baldintzak eta zuhaitz edo zuhaixka landatu nahi den tokiko baldintzak, zenbat eta antzekoagoak izan, orduan eta aukera gehiago izango ditu gure landareak egoki hazteko.
Hurrengo pausoa lurra prestatzea izango da:
  • Lehenengo lurra landuko dugu aitzurraz, honela lurra harrotuko dugu landareak hazkuntza errazago izan dezan.
  • Garrantzitsua da lurra aurrez ongarritzea. Zuloaren inguruan ondutako simaurra edo konposta gehitzea da aukerarik ekologikoena baina ongarri organikoa ere gehitu daiteke. Kontu eduki behar da ongarriekin, neurriz kanpo erabiliz gero lurraren azidotasuna igotzen baitu.
  • Gure zuhaitza edo zuhaixka azkarrago hazteko, landatu behar dugun ingurua belarrez garbitzea komeni da.
Lurra prest dagoenean landaketari ekingo diogu:
  • Sasoi aproposena landareak aktibitate gutxi duenean da, hau da, geldi edo hazten ari ez diren garaian. Beraz, udazken bukaeran edo neguan.
  • Lurraren egoera egiaztatu eta oso lehor edo bustia badago, ez landatu; itxaron lurraren egoera hobetu arte.
  • Landarea inaus daiteke, batez ere adarren bat gaixo edo hautsita baldin badauka.
  • Landaketaren ondoren, inguruko lurra zapaldu behar da zuhaitz edo zuhaixka tente manten dadin.
  • Azkenik multxina zabalduko da. Multxina lurrazal gainean botatzen den eta argia pasatzen uzten ez duen geruza bat da. Honela, inguruan ez zaio belarrik haziko. Geruza hau pinu azalez edo lastoz egin daiteke (hauek dira egokienak) baina plastikoa ere erabiltzen da. Multxinaren bidez hezetasuna mantendu eta lurra berotzen dugu baita ere.
Dagoeneko zuhaitz edo zuhaixka landatuta daukagu. Baina dagoeneko gure lana bukatu al da? Ez, gure zuhaitz edo zuhaixka epe motz batean behintzat zaintzea komeni da.
  • Lehenik eta behin ondo ureztatu beharko dugu. Landare gazteak lehenengo egunetan ezin dute lehorterik jasan, oraindik ahul daudelako. Landatu ondoren, lurra heze utzi behar dugu.
  • Lehenengo urteetan hazkundea ziurtatzeko ongarritzea oso gomendagarria da. Ahal dela Konpost edo simaur onduarekin izatea komeni da.
  • Ingurunean belarrak garbitzen baditugu, ura eta elikagai guztiak libre izango ditu.
  • Beharrezkoa bada, adar lehor edo gaixoetan inausketak egin. Inausketak zuhaitzari edo zuhaixkari forma emateko erabiltzen dira. Gure kasuan, hazkunde natural bat nahi izanez gero, ez dugu inausketa handirik egingo.

 
   
   
 
©2007 Zur museoa